Aurten izen emateetan emandako euro solidarioa Amezti taldeari ematea erabaki dugu.
Lezoko lurren kudeaketarekin kezkaturik, zenbait herritar bildu ziren eta taldetxo bat sortuz, aspalditik ari dira Jaizkibelen kudeaketan esku hartzen. Horrez gain, bertako basoak berreskuratzeko lanak koordinatzeko premia antzematen zuten. Testuinguru horretan, Euskal Herri mailan Baso Biziak Plataforma sortzeak eta herriz herri tokiko basoak berreskuratzeko taldeak sortzeak, horien uberan beraiei ere sortzeko indarra eman zien.
Hiru helburu nagusi ditu Amezti taldeak:
Bata, bertako basoa berreskuratzea. Jaizkibelen kasuan, ameztia da berezko baso nagusia, nahiz eta horien arrasto txiki batzuk besterik ez diren gelditzen. Hala ere, erreka bazterretan haltzadiak eta eremu batzuetan hariztia ere hazi beharko lirateke.
Bestea, basoen garrantziaren inguruko eta bertako basoa berreskuratzearen garrantziaren inguruko pedagogia egin, eta herritarrengan, kudeatzaileetan eta erabakiguneetan eragitea.
Eta azkenik, orain arte auzolanean berreskuratutako eremuei eta lanari jarraipena ematea.
Hau guztia aurrera eramateko Ameztiren lanabes nagusia auzolana da, herritarrak izan daitezen berreskurapen lanen protagonista. Oso garrantzitsua iruditzen zaie herritarrek baso eremuen ardura hartzea, elkarrekin, kontserbazioaren aldeko irizpideekin. Horrela, herritarrek jokabide arduratsuagoak izatea bultzatzen da. Horrenbestez, taldearen helburuak lortzeko zuhaitz landaketak antolatuko dituzte herriko beste eragileekin elkarlanean (Kuadrillategi, Etxetxo...), ibaietako zaborra kentzeko garbiketak, zuhaitz kimaketak eta baso bizien astearen moduko erakusketak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina